Protohistoriako artzainek utzitako hilobi arrastoak Larrungo patarretan frogatzen dute giza presentzia biziki zaharra dela lurraldean.
Baina dokumentuek herriaren bizitza aipatzen dute soilik X. mendetik aitzina, Baionako apezpikutegiaren kartularioari esker. Horrek aipatzen du eliza bat 1050ean. 1505ean, Juan de Agorreta Ascanio, lekuko jaunak, bere armak erregistrarazi zituen: «urrez haritz muskerrarekin berdin zabaltzatua, urrez fruitaturik, zura naturalean eta basurde beltza zur aitzinetik iragaiten; ingurua gorriz zortzi xotx urre gurutzatuekin. Bordeleko Parlamentuak udal estatutuak ematen dizkio Azkaineri 1598an.
XVII. mendeak arrakasta biziki txarra du herriarentzat. Izan ere, herriak jasan izan du Pierre de Lancre kontseilariaren gehiegikeria fanatikoa: sutara eraman du 1609an Argibel, Azkaineko apeza. Hogeita Hamar Urteko Gerrari lotua, Donibane Lohizuneko herriaren eta eskualdearen espainiar okupazioak Azkaine ere hunkitu zuen eta etxe anitz bipildu eta erre zituzten. 1656an, Martin Xuriok eramandako bi urteko gerra zibil batean Azkaineko eta inguruko herrietako familiak elkar sakailatu ziren Lapurdiren kontrola irabazteko. Alde batetik sabel-gorriak ziren (gerriko gorridunak), Senpereko jaunaren aldekoak eta bestetik sabel-xuriak (gerriko xuridunak), Urtubiako Jaunaren aldekoak.
Izu Garaia zabaldu zuen Frantziako Iraultzak Azkainen eta inguruetako herrietan. Biztanleen parte bat susmatua izan zen espainiar etsaiarekin gaizkidetasunaz eta apez ihardukitzaileekin sobera leial egon izanaz. 1813an, Napoleonen Espainiako armadaren gibeletik ibiltzen zen Wellington. Napoleondar armadak gibelera egin zuen Larrun mendi gainera. Nahiz eta Soult marexalak eraikiarazi zituen fortifikazioak, amore eman zuen armadak.
Miarritzen finkatu zuten oporlekua Napoleon III eta Eugenia enperatrizak. Azken hau mendizalea eta hitza sortu baino lehen «folklorezalea» zen eta eraman zuen Azkainera inperioko gorte osoa Larrun igotzeko. Horren haritik, Enperadorearen eskuzabaltasuna lortu zuen eta honek eskaini zuen egurrezko zubi bat Urdazuri gainean, berriztarazi zuen eliza eta eginarazi zuen Sarako bidea (egungo Ernest Fourneau karrika, hau da frantses kimia terapikoaren sortzailearen izena, Miarritzen sortua 1872an eta Azkainen hila 1949an, 1917an bertan erosi zuen etxe bat).
Larrun hotelean iragan zituen egonaldi anitzei esker eta Jean-Pierre Borda, hotel hortako jabe eta xisterrako pilotari ezagunarekin (hara nundik heldu den «Otharre» izengoitia) lotu adiskidetasunari esker, Pierre Lotik sortu zituen «Ramuntxo» (1896) eleberriaren esparrua, bere pertsonaia eta koloreekin. Obra hau, best-seller bat bilakatu zen eta Euskal Herriko eta Azkaineko irudi berezia jendarteratu zuen.
Bi gerlen artean, Lapurdiko kostaldeko garapenarekin, barnealdeko xarmak gozatu nahi zuten jende ospetsuen elkargunea bilakatu zen Etxola hotela (egun apartamendutan bilakatua).
Bigarren mundu gerran, herria nabarmendu zen aktiboki lagunduz Frantzia Librera zioazen gizonak eta naziar erregimenetik ihes egiten zutenak. De Gaulle Jeneralak, 1947an Azkainen egin zuen bisitaren kari goretsi zuen parte-hartze hori.
latest Running | previously released jordans